Karim Asry, es responsable del Fab Lab en Espacio Open y organizador de Maker Faire Bilbao, el Festival Maker más antiguo del Estado. A su vez es director creativo de la asociación. Ha tenido la amabilidad y el tiempo necesarios para conceder esta entrevista para medicusmundi Bizkaia a nuestra voluntaria y periodista Ana Juaristi, en la que nos explica la labor de la Comunidad Maker y su organización ante la crisis del COVID-19.
Nola sortu zen Maker komunitatea? Nola azalduko zenuke? Eta zein taldek osatzen dute?
Askotariko jendez osatutako talde batzuk dira Maker komunitateak, dauden arazoei soluzio teknologikoak bilatzen dizkietenak Interneten laguntzarekin eta etika zientifikoaren ildo beretik doan ezagutza partekatzeko etikan oinarrituta. Ezagutza partekatzen dute, soluzio global horren erreplikak egin daitezen toki mailan zein maila unibertsalean. 3D inprimagailuak, laser-ebakigailuak edo Arduino elektronika plataforma irekia bezalako tresnak erabiltzen ditugu, beste batzuen artean.
Zer lantzen duzue Maker komunitatean?
Arestian esan bezala, Maker komunitatea askotarikoa da, profil oso ezberdineko jendea biltzen da izen horren inguruan, hasi 3D inprimagailu bat erosi berria duen zaletik eta unibertsitate-irakasle, ingeniari profesional, aktibista sozial, artista edo ekintzaileetaraino, batzuk aipatzearren. Ezagutzaren partekatzea dugu komunean, eta teknologia-kontsumitzaileak bakarrik ez izateko nahia, baita sortzaileak ere, teknologia geure beharretara egokitu dadin, gu horren morroi izan ordez.
Covid-19aren pandemiaren kontrako erantzunaren kasuan, Coronavirus Makers plataformaren bitartez antolatu zen Espainiako Maker komunitatea, eta bertako partaide gara gu ere. 18.000 pertsona biltzen ditu plataforma horrek, denetikoak: medikuak, ingeniariak, diseinatzaileak, fisikariak, artistak eta, are, segurtasun-indarretako partaideak naiz oinezko herritarrak. Autoantolatu egin gara NBEak eta bestelako soluzio teknologikoak fabrikatzeko merkataritza-material eskasiaren aurrean. 800.000tik gora bisera babesgarri fabrikatu eta banatu izan dira Estatu osoan, eta hamarnaka mila mantal, maskara eta beste hainbat produktu espezifikoagoak, hala nola, tutu-kaxak, arnasgailuak eta aireztapen-sistema ez-inbaditzaileak.
“Maker komunitatea etika zientifikoaren ildotiko soluzio teknologikoak sortzen dituzten askotariko jende-taldeek osatzen dute, soluzio global horren erreplikak egiteko toki mailan zein maila unibertsalean”
Zer da Open Espazioa?
Open Espazioa kultura garaikidearen, teknologiaren eta gizarte-gaien gurutzadura garatze aldera lan egiten duen Bilboko elkarte bat da. Bere Fab Lab propioa kudeatzen du, hots, Cambridgeko (Massachussets) MIT estatubatuar unibertsitatearen mundu mailako laborategi-sarean txertaturik den Maker laborategia. Fab Lab-ak maker espazio batzuk dira, toki mailan inpaktua duten baliabideak mundu mailan partekatzen dituztenak. Horietan, tresnak, ezagutza eta laguntza profesionala eskaintzen da proiektuak, prototipoak eta produktuak egiteko, fabrikazio digitala, robotika, diseinu bidezko programazioa, artea edo usadiozko manufaktura nahastuta.
“Open Espazioa elkarte bat da, bere Fab Lab (Maker Laborategia) propioa kudeatzen du eta toki mailan inpaktua duten baliabideak partekatzen ditu mundu mailan”
Non lortzen duzue produkziorako lehengaia?
Agortu egin zaigu geure material-stocka, eta fundazioen, enpresen eta norberaren izenean aritu diren herritarren dohaintzak jaso izan ditugu ondoren.
Nola banatzen duzue fabrikatzen duzuen materiala?
Herritar sare bati esker, besteak beste anbulantzietako gidariek, segurtasun-indarretakoek, taxilariek eta bere izenean aritu diren herritarrek osatua. Bilbon, ikusten genuenez garrantzitsua zela erantzun azkarra ematea halako eskaera itzelari, produktuak jasotzeko bilgune arin bat prestatu genuen arriskuko taldeentzat, 24 orduetan erabilgarri egongo zena.
Beteta daude bisera beharrak autonomia erkidegoetan?
Dirudienez, eskaria askoz hobeto estalita dago duela hilabete baino, hamarnaka enpresek Maker komunitatearen diseinuak fabrikatzen dituztelako 3D inprimagailuen baino askoz produkzio-metodo bizkorragoak erabiliz, plastikozko injekzioa, esaterako. Maker komunitatearen diseinu horiek, izan ere, edonoren eskura daude.
Baduzue osasun-produktu sofistikatuagoren bat sortzeko itxaropenik?
Oraintxe bertan, silikonazko maskara malguko eredu bat amaitzen ari da Coronavirus Makers sarea, ZIUko langile mediku-sanitarioak babesteko pentsatua. Maskarari iragazki mediko estandar batzuk egokitzen zaizkio. Badago proiektu gehiago ere abian, dialisi makinei eta beste hainbati buruzkoak. Zaila da hainbeste berrikuntza kolektiboren erritmoari jarraitzea.
“Maker komunitatearen diseinuak jada hamarnaka enpresek fabrikatzen dituztelako, eskaria askoz hobeto estalita dago duela hilabete baino, antza denez”
Elkartasunaren aurpegia da zuen lana, zer esaten dizue jendeak?
Horren garai zailetan baliagarriak izatearen zortea izan dugu. Besarkada handi bat komunitate mediku-sanitario osoari, jakin dezatela pandemiarik ez denean ere Maker komunitatean hor egongo garela eurei babesa emateko zerbait behar duten guztietan.