Beatriz Felipe Pérez aholkulari independentea da eta Tarragonako Ingurumen- Zuzenbidearen Ikasketa Zentroari elkartutako ikertzailea. Zuzenbidean doktorea eta Josep Miquel Prats sariduna doktore-tesirik onenari. Beste zientzia- eta dibulgaziozko argitalpen batzuen artean, duela gutxi argitaratu zuen “Las migraciones climáticas ante el ordenamiento jurídico internacional” (Aranzadi, 2019) izeneko monografia. Oraingoan elkarrizketa eman dio “A cambio de nada”-ri eta aldaketa klimatikoa eta migrazioen arteko lotura zuzenari buruzko begirada hurbil eta era berean global batetik gerturatzen dizkigu bere ordenamendu juridikoaren oinarriak eta hobekuntza posibleak. “Espainian badaude kasuak non pertsonek haien bizilekua utzi behar duten krisi klimatikoarekin lotutako arrazoiengatik”
“Monitorizazio zentruaren arabera, 2019an Espainia izan zen Europako bigarren herrialdea hondamendi klimatikoei lotutako desplazamendu kopuruan, guztira 23.000”.
Zein da aldaketa klimatikoa eta migrazioen arteko kausa-ondorio erlazioa?
Krisi klimatikoaren eraginak giza-mugikortasunarekin erlazionatzen dira modu desberdin eta zenbatezinetan, era zuzenean edo zeharka, azpiko arrazoi gisa. Kasu batzuetan pertsonek haien bizilekua berehala utzi behar dute aldizkako uholdeekin lotutako ezbehar bat edo zikloi bat pasatu baino lehen edo ostean. Beste batzuetan, adibidez itsas-mailaren egoera edo lehorteek pertsonen mantenuari eragiten diotenean, mugikortasuna epe luzerako estrategiaren barruan sartzen da.
Zentzu honetan kontuan izan behar da migrazio klimatikoak arrazoi anitzeko fenomenoak direla, ez dira soilik klimaren eraginaren ondorioa, baizik eta gertatzen direla edo ez populazioaren moldaeraren arabera, politiken arabera, izaten diren baliabide ekonomikoen arabera, etab. Garrantzitsua da aintzat hartzea ere askotan pertsona kaltetuenek, kalteberatasun-egoerarik handienean daudenek, ezin dutela migratu, nahi badute ere, horretarako baliabiderik ez dutelako, harrapatutako populazioak deitzen dira.
Zeintzuk dira migrazio klimatikoen zifrak mundu mailan?
Zifren kontuak eztabaidarik polemikoena izaten jarraitzen du lantzen ari garen gaian. Asko dira horretarako arrazoiak, besteak beste, konparagarriak diren datuak erregistratzeko nazioartean adostutako izendatzerik eza, aldaketa klimatikoarekin lotutako arrazoiak beste batzuetatik bereizteko zailtasuna eta gai honetan dagoen intreres politikoaren falta.
Nik neuk Barne-Desplazamentuaren Monitorizazio Zentruaren zifrak erabiltzen ditut. Erakunde honek urtero argitaratzen du txosten bat gatazka eta hondamendien eraginez izandako urteroko barne-desplazamenduen kopurua jasoz. Nahiz eta ez jaso nazioarteko mugak gurutzatzen diren lekualdatzeak edo pixkanakako degradazio-fenomenoekin lotutakoak, itsas-mailaren igoera bezala, hondamendiei lotutako zifrek migrazio klimatikoen tamainaren ideia bat ematen digute, 2020ko txostenaren arabera, 2019an beste 33,4 milioi barne-desplazamendu zenbatu ziren mundu mailan. Horietatik %75 hondamendien ondorio izan ziren.
Zeintzuk dira arrazoi klimatikoek bultzatutako migranteen jatorriak?
Migrazio klimatikoak planeta osoan gertatzen dira, nahiz eta kontuan izan behar den ez direla homogeneoak eta kaltetutako pertsonen kalteberatasun-maila desberdina dela. Migrazio klimatiko gehienak barne mailan gertatzen dira, hau da, ez dira ugariak nazioarteko lekualdatze luzeak, baizik eta kau gehienetan herrialde beraien barruan gertatzen direla. Gaur egun nagusitzen dira munduaren hegoaldeko herrialdeetan, nahiz eta beste eskualde batzuetan ere badauden.
Pazifikoko uhartetar Estatu txikietan, adibidez, itsas-mailaren egoeraren ondorioz hainbat populazio berkokatzen ari dira. Errealitate horri aurre egiteko, Fijik 2019an fondo fiduziario bat sortu zuen, herrialde horretan arrazoi klimatikoen eraginez lekuz aldatutako eta berkokatutako populazioei zehazki zuzendua. Krisi klimatikoa giza-mugikortasunean eragiten ari den beste kasu nabari bat Bangladesh-en topa dezakegu, non uholdeak gero eta sarriagoak diren eta milaka pertsona lekuz aldatzen diren kostaldetatik gero eta populatuago dauden hirietara ihes eginez.
“Migrazio klimatiko gehienak barne-mailan gertatzen dira, hau da, ez dira ugariak nazioarteko lekualdatzeak”
Zein da ingurumen errefuxiatuaren figura?
Gaur egun ingurumen errefuxiatuaren figura (edo klimatikoa) ez da existitzen. Erabiltzen den izendatzea izan arren ( batez ere komunikabideetan) termino juridikoetan nahiko polemikoa da. Errefuxiatutako pertsonaren definizio juridikoa, gaur egun, Errefuxiatuen Estatutuari buruzko Ginebrako Konbentzioak eta New York-eko bere Protokoloak ezartzen dute. Araudi hau, 50 urte baino gehiago dituena, indarrean hasi zen gaurkoa ez bezalako momentu historiko zehatz batean, krisi klimatikoa hain agerian ez zegoena, eta ez ditu aurreikusten arrazoi klimatikoak pertsona errefuxiatuaren estatutua emateko zergati moduan.
Horri dagokionez, birplantea daiteke ea pertsona errefuxiatuaren estatutua babeserako mekanismo egokia den eragin klimatikoetatik ihes egiten dutenentzat. Kontuan izan behar dugu, batetik, bakarrik izango litzatekeela baliagarria nazioarteko lekualdatzeen kasuetan eta migrazio klimatiko gehienak herrialdeen barruan gertatzen direla. Bestetik, berarekin ekartzen ditu prozesu neketsuak frogatzeko jazarpena banakakoa dela eta eragile jazarlea identifikatzeko, oso zaila dena krisi klimatikoaren eraginetatik ihes egiten denean.
Zer aurrerapen egiten ari dir babes juridikoari dagokionez eta nazioartearen eremuan?
Krisi klimatikotik ihes egiten dutenen babes juridikoarekin lotutako aurrerapenak, oraindik, mugatuak dira. Nahiz eta akademiatik eta gizarte zibiletik sortutako hainbat proposamen badauden, adibidez ad hoc sortutako nazioarte hitzarmena, nazioarte-mailan aurrerapenak proposamen hutsak besterik ez dira.Hala ere, eskualde mailan bai hitz egin genezake zenbait aurrerapenez. Zentzu horretan, aipatu behar da, adibidez, hartu izan direla Declaración de Principios de Sídney sobre la Protección de las Personas Desplazadas en el Contexto de la Elevación del Nivel del Mar delakoa, Australian 2018an hartu zena, eta Protocolo de Libre Movimiento en África Oriental delakoa , xedapenak dituena ahalbidetzeko herritarrak hondamendia baino lehen, bitartean edo ondoren lekuz aldatzea Protokolo hori osatzen duten Estatuen artean. Aipatu behar da ere Latinoamerikan, herrialde batzuek, Peru eta Bolivia adibidez, ingurumenaren edo klimaren migrazioei buruzko erreferentziak gehitu dituztela haien barne-araudietan.
“Krisi klimatikotik ihes egiten dutenen babes juridikoarekin lotutako aurrerapenak, oraindik, mugatuak dira”
Zein da egoera Espainian?
Egoera beste herrialde batzuetan bezain larria ez bada ere, Espainian badaude jada krisi klimatikoarekin lotutako arrazoiengatik haien bizilekua utzi behar duten pertsonen kasuak. Monitorizazio Zentruaren Barne Desplazamenduari buruzko azken txostenean aipatzen dute 2019an Espainia izan zela Europako bigarren herrialdea hondamendiei lotutako desplazamendu kopuru handienarekin, urte horretan guztira 23000. Gehienak sute, ekaitz eta uholdeeki lotuak izan ziren. Bere larritasunagatik nahiko deigarria gertatzen den kasu bat Los Alcázares da, Murtzian. Herri horretan uholdeak hain maiztasun kezkagarriaz pairatzen ari dira, ezen populazioa alde egiten hasi den, edo behintzat saiatzen.
Zer erlazio dago kontsumo-gizartearen, baliabideen ustiapenaren eta migrazio klimatikoen artean?
Ikusten dugunez, krisi klimatikoa kanporatzearen eragile zuzen eta zeharkakoa da, gero eta garrantzitsuagoa, eta bere jatorria, zalantzarik gabe, erregai fosilak erretzean oinarritzen den eta kontsumo jendetsua eta jasangaitzaz elikatzen den eredu ekonomiko globalizatua. Zentzu horretan, nabarmendu behar da ere aldaketa klimatikoaren erantzukizun historikoak munduaren iparraldeko Estatuek eta enpresek dituztela. Begien bistakoa da soilik 100 konpainiek, Carbon Majors delakoek, berotegi-efektuko gasen %70 baino gehiago sortu dituztela 1988tik. Ezinbestekoa da arintzeko neurri serioak martxan jartzea, aipatzen ari garen kanporatzeen eragilea geldiarazteko: krisi klimatikoa.
Zeintzuk dira COVID-19aren garaian migrazio klimatikoei aurre egiteko erronkak?
Azken hilabetetan arreta pandemiaren ondorioak geldiarazteko konfinamenduetan oinarritu bada ere, giza-mugikortasunean eragiten eta bultzatzen duten faktoreak ez dira desagertu. Zentzu horretan, 2020ko apirilean Harold zikloiak, adibidez, Pazifikoko hainbat uhartetar Estatu txikiri eragin zion. Kaltetutako pertsonek erabaki zaila hartu behar izan zuten, haien bizilekuetan geratu eta zikloiaren ondorioei aurre egitea edo aldi baterako aterpeetara lekualdatzea, leku itxian egonda kutsatu ahal izateko arriskuarekin. Momentu horietan, gainera, Estatu gehienek haiek mugak itxi zituzten, nahiz eta horrek ez galarazi pertsonek gurutzatu nahi izatea. Birusak migrazio klimatikoaren zailtasunari beste gradu bat gehitu dio. Gainera, hura geldiarazteko hartu diren neurriek, orokorrean, ez dituzte apenas kontuan hartu pertsona migranteak askotan kalteberatasun egoera gogorrean dagoen kolektibo moduan.
“Aldaketa klimatikoaren erantzukizun historikoak munduaren iparraldeko Estatuek eta enpresek dituzte. Carbon Majors izeneko 100 konpainiek, berotegi-efektuko gasen %70 baino gehiago sortu dituzte 1988tik.
“Politiketan eta esparru juridikoetan aurreratu behar da eta giza-eskubideak errespetatzen direla bermatu”
Zer hausnarketa edo gomendio aipatuko zenuke zuk gaur egungo ikuspegian?
Ezinbestekoa da krisi klimatikoaren garrantzia ikustarazten jarraitzea planeta osan pertsona askoren kanporatzearen eragile gisa, bereziki munduaren Hegoaldean. Nahiz eta pandemiaren gaur egungo ondorioek beste krisi batzuk estali, eta batzuetan ulertzea zaila bada ere, krisi klimatikoa are larriagoa da. Lanean jarraitu behar dugu herritarrek migrazio klimatikoei buruz ondo informatuta egoteko, izan ere, gai hau denbora gehigitan egon da ikusezin. Kontuan hartu behar da ere emakumezkoek bestelako moduan pairatzen dituztela krisi klimatikoaren eta migrazio-prozesuen ondorioak, beraz, diseinatzen diren konponbideek aintzat hartu behar dituzte oraindik planeta osoan estalita dauden genero-desberdintasunak. Bukatzeko, politiketan eta esparru juridikoetan aurreratu behar da bermatzeko, batetik, inork bere bizilekua utzi behar ez izatea nahi ez badu eta, bestetik, bizilekua uzten dutenen giza-eskubideak errespetatuak izateko.